Diotenez, Paco de Lucíak gitarrarekin egindakoa egiten ari da Dorantes pianoarekin; eta emakumeaz diote kantaora handia dela, eta Marina Heredia … Marina Heredia dela. Dorantesen pianoak eta Marina Herediaren ahotsak bat egingo dute Flamenco On Fire Jaialdian Las Esencias lanarekin; paisaia soinudunetan egindako bidaia da, Argentinatik Tetuanera, Andaluzia Beheretik Kubara eta New Orleansera; sekulan ahaztu gabe Lebrijaren eta Albaicínen funtsak.
David Dorantes Lebrijan jaio zen 1969ean, flamenkoaren leinurik zaharrenetako batean –Peña-Perrate-Pinini-Bacán–; piano, harmonia eta konposaketa ikasketak egindako lehen ijitoa da. Hortik heldu da haren pianoak oso kadentzia eta tesitura flamenkoak iradokitzea eta, aldi berean, oso berriak. 1998an, “Orobroy” lana txalo handien artean hartu zuten adituek eta zaleek, eta lan horren eraginez, Sevillako Flamenkoaren Bienalean ikuskizun bakar batean hiru Giraldillo-rekin saritutako artista bakarra izan da. Orduz geroztik, makina bat sari eman dizkiote haren lan txalotuari –Kritika Espezializatuaren Sari Nazionala, “Biurtekoko Lanik Onena”… Sari Demofiloa–. Haren musika orkestra ospetsuek jo dute, hala nola Tokioko Orkestra Nazionalak edo Qatarreko National Philarmonic Orkestrak, eta jakina, onenekin jo du; hots, Enrique Morente, Chick Corea, Luis Salinas edo Win Mertens eta abarrekin.
Marina Heredia Granadan jaio zen 1980an. Albaicínen eta “El Parrón” kantaorearen alabak jakin izan du antzinako kantuak gaurkotasun handienera ekartzen, balio izpirik ere galdu gabe. 1992an hasi zen gure kantaora Granadako Biltzar Jauregian, eta geroztik, ez du huts egin jaialdirik garrantzitsuenetan, hala nola Sevillako Flamenkoaren Bienalean edo Utrerako Potaje Gitano izenekoan. Halaber, denetariko agertokietan erakutsi du bere-berea duen estiloa, hala nola Espárrago Rock-en edo Municheko Bienalean, eta izen handiko artistekin aritu da lankidetzan; Howie B-rekin edo Nacho Canorekin, adibidez. Bere buruaren antza bakarrik duen kantaora honek lau disko plazaratu ditu: “Me duele, me duele” (2001); “La voz del agua” (2007); “Marina” (2010) –Kantu Flamenkoko urteko Diskorik Onena–; eta “A mi tiempo” (2013).
Pianoa: Dorantes
Ahotsa: Marina Heredia
Bateria: Javi Ruibal