Duncan Dhu itzultzen da; 12 urteko etenaldiaren ostean, belaunaldi oso bat markatu zuen donostiar bikotea bueltan da. Mikel Erentxun eta Diego Vasallo elkarrekin arituko dira berriz ere taula gainean El Duelo bere disko berria aurkezteko. Lan honek sei abesti berri biltzen ditu -Cuando llegue el fin, No dejaría (de quererte), Llora guitarra, El duelo, Los días buenos y La última canción- eta taldearen aurreko disko akustikoenak gogorarazten ditu. Folk, pop eta rock bitarteko estilo pertsonal eta berezi baten sortzaileak, Erentxun eta Vasallo espainiar eszenako klasiko bilakatu dira, besteak beste, Cien gaviotas, En algún lugar, La casa azul edo Palabras sin nombre abestiei esker.