Flamenco On Fire Jaialdiaren lehen edizioan parte hartu ostean, Estrella Morente Baluartera itzuliko da, Nafarroako Orkestra Sinfoniko ospetsuarekin batera, El Amor Brujo abesteko, hots, konpositore klasiko flamenkoenetan flamenkoenaren lan nagusi eta bereizgarria kantatzeko, 100 urte bete baitira Manuel de Fallak lana ondu zuenetik. Lanak izaera andaluziar petoa dauka eta Candelaren istorioa kontatzen du; neska ijito hori Carmeloz dago maiteminduta, baina bere lehenagoko maitaleak harremana oinazez beteko du. Musikari dagokionez, pasarte egiazki ospetsuak ditu, hala nola Danza Ritual del Fuego, Canción del Fuego Fatuo edo Danza del Terror, den-dena edertasunez eta orijinaltasunez beterik, ikusleen gozamenerako. Horrela, El Amor Brujo lanari ijitoen kulturaren mistizismoa dario, eta ba al da Estrella Morente baino hoberik, sorginkeria-istorio honetako iratxoa aurkitzeko? Zalantzarik gabe, istorioak erdi-erditik liluratuko ditu Flamenco On Fire 2015 Jaialdiko ikusle guztiak.
Estrella Morente kantaora Granadan jaio zen 1980an. Aurora Carbonell bailaora eta Enrique Monente, hots, flamenkoaren buruetako bat, ditu guraso, eta gaur egun kantu flamenkoaren printzesetako bat da. 7 urtetan, hara, Sabicas maisuak lagunduta kantatu zuen, eta 16 urtetan, bide profesionalean egin zuen debuta munduaren aurrean, Sierra Nevadako Eski Alpinoko Txapelketak aurkezteko Galan. Orduz geroztik, ibilbide izugarri arrakastatsua egin du, beti jende ospetsuak lagunduta, eta aita gidari espiritual eta maisu izan duela. Horrela, Sauraren eta Almodóvarren filmetan parte hartu zuen; Urrezko eta Platinozko Diskoak lortu; jaialdirik ospetsuenetan gonbidatu dute, hala nola Sevillako Bienalean eta Cante de las Minas Nazioarteko Jaialdian; Disko Flamenko Onenari dagokion Musika Saria eskuratu du; Grammy Latino sarietarako izendatua…. Horra hor bide oparo eta arrakastatsua benetan, Morente bat baino gehiago direla erakusten duena.