Abeslari eta konpositore irlandarrak mundu osoko publikoa konkistatu du bere musikarekin, folk eta rock osagaiak eta zelta-ukitu nabarmena uztartzen dituena. Belfasten jaioa, Ipar Irlandan, 1962an, 16 urterekin ekin zion bere musika-ibilbideari Sellout izeneko punk-rock talde iragankor batean. Urte batzuk beranduago, The Bankrobbers zeritzon taldeari batu zitzaion, eta bera eta talde horretako beste zenbait kide Ten Past Seven izeneko Belfasteko beste talde bateko kide batzuekin batu zirenean, taldea bilakatu eta Energy Orchard izena hartu zuen. Talde horrek egiten zuen musika, folk lirikoaren eta rock gogorraren nahastea, Van Morrisonekin alderatu zen sarri. Londresera bizitzera joan ostean, Energy Orchard-ek jarraitzaile andana izan zuen luzaroan Hackneyko New Pegasus pubean egon ondoren, MCA zigiluarekin kontratu bat ekarri ziena. Taldeak bost bilduma argitaratu zituen 1990 eta 1996 artean; halere, prentsaren lausenguak eta Van Morrisonen babesa izan arren, hainbat biratan berarekin eraman zuen taldea aurretik jo zezan, inoiz ez zuen aukera komertzial garrantzitsurik eduki.
Energy Orchard desegindakoan, Kennedyk Steve Earle konpositore amerikarraren deia jaso zuen, taldearen zalea izana baitzen; Earlek Nashvillera gonbidatu zuen Kennedy grabatzera, eta hala ekoitzi zuen, 1998an, Kennedyren bakarkako debuteko diskoa: Domestic Blues. Bertan, Nancy Griffith eta Jerry Douglas artistek kolaboratu zuten, eta, hasiera batean, E-Squared Earlen zigiluak argitaratu zuen. Bilduma hartako abestietako bat, Vampire, kritikak goretsitako You Can Count on Me film amerikarraren soinu-bandan agertu zen. 1999an berak ekoitzitako Hillbilly Shakespeare bilduma xumerako Hank Williamsen klasikoen hainbat bertsio egin ondoren, Kennedyren hurrengo proiektu handia 2000. urtekoa izan zen: Lonely Street. Besteak beste, hainbat abesti original jasotzen zituen beragan gehien eragin zuten bi artistaren omenez: Hank Williams eta Elvis Presley. Disko horretako abesti bat, Moonlight Kiss, John Cusackek protagonizaturiko Serendipity filmean agertu zen. 2000. urtean, Bapek zuzeneko disko bat argitaratu zuen, Rare, Live & Bladdered, baina bost urte beranduago atera zuen bere hurrengo estudio-lana. 2005eko The Big Picture diskoan, The Pogues taldeko Shane MacGowanen kolaborazioa izan zuen, baita Van Morrisonena ere Milky Way kantan. The Big Picture argitaratu ostean, Mark Knopflerrek berarekin bira egitera gonbidatu zuen, Estatu Batuetan eta Ingalaterran zehar hainbat kontzertutan aurretik jo zezan.
Urte hartan bertan, Kennedyk Brenda Boyd idazle eta abeslari / konpositorea ezagutu zuen; beranduago, ezkondu egin ziren eta emakumea taldeko baxu-jotzaile eta korista bihurtu zen, eta Bapek Banish the Blue days bakarkako diskoa ekoitzi zuen (Brenda Kennedy izenpean argitaratua). 2009an, Kennedyk Irlanda bisitatu zuen Howl On bilduma grabatzeko, Henry McCullough, hain zuzen, Joe Cockerren Grease taldeko gitarrista ohia. 2012an, The Sailor's Revenge bildumak berriz elkartu zituen Kennedy eta Mark Knopfler; honek diskoa ekoitzi zuen, bere estudioan eginiko grabaketa-saioetan egon zen eta gitarra jo zuen lana osatzen duten hamaika abestietan. Disko horren ekoizpen dirutsuaren ondoren, Kennedyk bestelako bidea hartu zuen Let's Start Again egiteko, zuzeneko set soila, jaioterrira itzuli ondoren bertan grabatua bere bidaideekin batera.
Bap Kennedy – Ahotsa eta gitarra akustikoa
Gordy McAllister – Gitarra akustikoa
Brenda Kennedy – Baxua eta koruak