Flamenkoaren xarma eta fadoaren arima Baluarteko antzezlekuan elkartuko dira ekainaren amaieran Dulce Estrella kontzertuan. Emanaldiak beren erroak maite dituzten bi emakume izango ditu protagonista: Dulce Pontes eta Estrella Morente. Pontes eta Morentek Portugal eta Espainiako abesti herrikoien selekzio bat kantatu eta beren lurralde eta kulturarekiko maitasuna erakutsiko dute. Batak bestearekiko elkarri dioten mirestasunaren emaitza da batera egingo duten bira hau. Estrella Morentes-ek flamenkoa zainetan darama, izan ere XX. mendeko kantearen mito handienetarikoa den Enrique Morenteren alaba da. 26 urterekin, Morentesek flamenko arloan dagoen ahotsik sasoitsuena duela esan daiteke egun, eta Chano Lobato bezalako artista garrantzitsuekin elkarlanean aritu da behin baino gehiagotan. Jadanik hiru diska kaleratu ditu: Calle del aire, Mi cante y un poema, eta Mujeres, bere lanarik berriena. Dulce Pontesen izena fado portugaldarrari atxekituta dago 90. hamarkadan fadoaren berpizkundea bere ahotsarekin lagundu zuenetik. Egun bera da Portugaleko musikaren artista onenetariko bat. Musikan daramatzan 20 urteetan zehar, Dulce Pontes Carnegie Hall bezalako eszenatoki mitikoetan kontzertuak eskaini ditu eta Ennio Morricone, Andrea Bocelli edo José Carreras artistekin abestu du, besteak beste.