Fernando Saunders Lou Reed hil berriaren baxujolea eta musika produktorea izan da azken 30 urteotan, eta, beraz, eginkizun garrantzitsua izan du New Yorkeko jenioaren obran. Saunders bere azken albuma aurkeztera datorkigu, Happiness, non Reedek berak hartu baitzuen parte –hain zuzen ere, Jesus kantan–, bai eta Suzanne Vega ospetsuak ere, Feel Like Crying abestian.
Fernando Saunders batetik bestera dabil munduan, baxua joz, kantari, konpositore eta produktore lanetan, eta leku berezia izan du beti musikaren industrian. Ezinbesteko kide izan zen The Jeff Beck/Jan Hammer Group jazz-rock fusioko taldean. 80ko hamarraldiaren hasieran, Saundersek lankidetza luzeari ekin zion musikari, produktore eta konpositore gisa Lou Reed, Marianne Faithfull eta Kip Hanrahan-ekin. Saunders estudioko eta zuzeneko musikari preziatuenetako bat da. Maila handiko artistekin grabatu du eta egin ditu birak: Steve Winwood, Eric Clapton, Jimmy Page, Joan Baez, John McLaughlin eta Mahavishnu Orchestra, Pat Benatar eta Heart-ekin, besteak beste.
Txilen ekin zion bakarlari-bideari, Amnesty Internationalen kontzertu batean, milaka entzuleren aurrean. Harrezkero, estudioko lau disko argitaratu ditu bere izenaz: Cashmere Dreams, The Spin, I Will Break Your Fall eta, berriena, Happiness, Suitza, Txekiar Errepublika eta New York artean batetik bestera dabilela. Disko horretan, R&B, pop-rock eta folkaren nahasketa nabari da, Saundersek azkenaldian egiten duen musikaren bereizgarria, hain zuzen ere.