Encantando Denboraldiko bigarren emanaldian, euskal musika tradizionalaren arloan ospe handia duten bi zuberotar izango ditugu agertokian: Jean Michel Bedaxagar eta Mixel Etxekopar, hain zuzen ere. Abeslari eta musikariok ibilbide luze eta oparoa dute egina interpretazioaren munduan, eta Baluarteko saioan hainbat kantu eta doinu herrikoi eskainiko dizkigute. Izan ere, Xiberoko Bortutik emanaldiak Nafarroako Ganbera Abesbatzaren jarduerarekin bat egiten du, musika eta kultura herrikoia berreskuratu eta miatzeko –zehazki euskal folklorea– esplorazio-lerroan sakontzen baitu.
Jean Michel Bedaxagar Urdiñarben jaio zen (Zuberoa, 1953). Dantzaria, txirularia eta kantaria da. Oso gazterik murgildu zen dantzaren munduan, dantzariak baitzituen aita eta aitona. Txirularen soinuak liluratuta zeukan erabat, eta hamazazpi urterekin erosi zuen bere aurrenekoa izango zena. Copain eta Agerret mauletarrak eta Pierre Bordazarre Etxahun Iruri izan zituen irakasle.Kantuan, berriz, hogei urtetik gora zituela hasi zen, eta, geroztik, bai ostatuetan, bai milaka lagunen aurrean aritu da,Euskal Herri osoan barna. 1983an kaleratu zuen lehen diskoa, Xiberoa izenekoa, eta bere gogoko kantu zaharrak bildu zituen han. Osasun-arazoak tarteko, hainbat urte oholtzetatik at eman zituen. 1995ean itzuli zen jendaurrera, beste disko batekin: Otea lili denean. Euskal poesia klasikoa jaso zuen han (Xori erresiñula, Igande arrats eztiño batez, Zu zira zu…), baita berak sortutako kantu bi ere (Nafarroa eta Gerezitziak lilitan). Hirugarren diskoa, Bedaxagar, zuzenean grabatu zuen Altzabehetiko elizan (Zuberoa), lagun zituela Niko Etxart, Junes Xuburu, Mikel Urbeltz eta Jean Michel Barreix. Laugarren diskoa, Auñamendi, 2009an kaleratu zuen, eta Erramun Martikorenak, Mixel Arotzek, Amaren Alaba taldeak eta Johañe Bedaxagar semeak hartu zuten bertan parte. Maskarada zein pastoral ugaritan hartu du parte, eta bi pastoral ere idatzi ditu: Agosti Xaho eta Akitaniako Alienor. Bestalde, 2000. urtean, Ama izeneko ikuskizuna aurkeztu zuen Maulen, kantu tradizionalak, herri-musika eta opera uztartzen zituena, eta Etxahun Iruri zein Julian Gaiarre omentzeko egina.
Mixel Etxekopar Gotaine-Irabarnen jaio zen (Zuberoa, 1963). Kantaria eta musikaria da. Zuberoako mendietako artzain eta txoriak lagun ikasi omen zuen kantuan. Musika-tresnei dagokienez, hala herrikoiak nola kanpokoak jotzen ditu: txirula, ttunttuna, alboka, klarinetea, kontrabaxua, eta abar.Musika-irakaslea da, eta euskara-eskolak ere ematen ditu.Horrez gain, maskarada eta pastoraletarako kantu, dantza eta musika berriak sortzen ibiltzen da, eta herrietako aktoreei irakasten dizkie gero. Pastoral batzuk ere idatzi ditu, hala nola berriki egin duen Ederlezi izenekoa. Kantaldi ugaritan hartu du parte; bakarrik batzuetan, beste batzuekin batera bestetan; euskaldunekin batera (Jean Mixel Bedaxagar, Mixel Arotze, Pier Paul Berzaitz…) zein kanpokoak lagun (François Rossé, Christian Vieussens, Pierre Vissler…). Hainbat disko argitaratu ditu; besteak beste, Arbaila, Arteleku, Ekialde, Xiberoko dantza jauziak, Lurralde zilarra, Transhumantzia eta Aspaldian. Era berean, Xiru musika-jaialdiaren sortzaile eta arduraduna da. 1990az geroztik, urtero egiten da jaialdia, Zuberoan;bertan, Euskal Herriko zein mundu zabaleko artistak elkartzen dira, eta haurren, gazteen, amateurren zein profesionalen elkarlanaz, hamaika lan sortzen dituzte. Horrez gain, Hebentik elkartearen sortzaile eta arduraduna ere bada. Arte herrikoia bultzatzen duen sorkuntza-gune horretan sustatuko azken proiektua Xora filma da, Ipar Euskal Herrian egin den euskarazko lehen fikziozko film luzea, Peio Cachenautek zuzendua.