Manuela Carrasco eta Antonio Canales. Sevilla dantzariaren bi ordezkari goren. Biek ere Dantzaren Sari Nazionala eskuratu dute. 97an eta 2003an elkarrekin aritu ziren dantzan; eta orain, Iruñean, berriro elkar topatuko dute, hau da, “Reencuentro” ekarriko digute, hots, emakumezkoen dantzaren onenak eta gizonezkoen dantzaren onenak elkarri omenaldia eskaintzeko ikuskizuna.
Manuela Carrasco. Bere kasa ikasita, Andaluziako eta Madrilgo oholtzetan hasi zen, harik eta 1974an Jerezko Flamenkologia Katedrako sariak ospea eman zion arte. 1976an, Bakearen Enbaxadore Saria irabazi zuen (Paco de Lucíak eta Manolo Sanlúcarrek baizik ez duten saria), eta Camarónekin batera, “Gitano” aurkeztu zuen. 80 eta 90 hamarkadak oparoak izan ziren zinez, agerpenei eta aitortzei dagokienez. Horrela, Erromako Antzoki Olinpiko Handian dantzatu zen; Parisen, “Ayer, Hoy y Mañana del Flamenco” aurkeztu zuen; Utrerako XXIX. Potaje Jaialdian omenaldia egin zitzaion; “Flamenco Puro” bira gogoangarrian parte hartu zuen, Chocolaterekin edo Farrucorekin batera; Saura zinemagilearen deia jaso zuen, “Sevillanas” eta “Flamenco” filmetan dantzatzeko… Sasoi eta indar handiz beterik, mende aldaketan ikuskizun eta sorkuntza lan gehiago ondu zituen –“Jondo Adonaí”, “Así Baila Sevilla”, “Esencias” eta beste asko–; gaur egun, beraz, sormen izugarri hori ikusita, argi dago dantza ijitoaren jainkosa bera dugula aurrean.
Antonio Canales. Balet Nazionalean hasi zen, eta han bakarlaria izan zen, harik eta Parisera jo zuen arte. Lehen urteetan, berrogeita hamarretik gora ikuskizunetan aritu zen dantzan, eta 1992an, bere konpainia sortu zuen. Hurrengo urtean, “Torero” lanaren eskutik, lehen arrakasta iritsi zitzaion, mila aldiz baino gehiago eman baitzuen. Horrela, handik aurrera, ibilbidea lorpenez mukuru dago: 96ko Sevillako Bienalean “Gitano” dantzatu zuen (horrek eraginda, MAX sari bat eskuratu zuen); “Grito” sortu zuen (1998), New Yorkeko City Center zentrorako; hurrengo urtean, Andaluziako Domina jaso zuen; 2000n eta 2003an, berriz ere MAX saria eskuratu zuen; hainbat filmetan parte hartu zuen; artista ospetsuentzako gaiak konposatu zituen, hala nola Ketama edo Alejandro Sanz… eta ezin konta ahala aitortza gehiago. Hitz batez, sortzaile nekaezina eta Antonio Gadesen oinordeko txalotua.
Dantza: Manuela Carrasco, Antonio Canales
Toquea: Joaquín Amador, Manuel de la Luz, Juan Campallo
Cantea: Enrique ‘El Extremeño’, Morón-eko ‘Gayi’, Samara Carrasco
Percusioa: José Carrasco
* Iraupena: Ordu 1 eta 30 minutu