¿Quieres saber lo que
pasa en Baluarte?
Sí, quiero estar informado Ahora solo quiero entradas

 
Ezohiko kontzertua
3 abendua, osteguna 19:30etan. · Areto Nagusia
Antolatzailea: Baluarte Fundazioa

Nafarroaren Eguneko kontzertua

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa
Iruñeko Orfeoiaren partaidetzarekin
Nafarroaren Eguna dela eta, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak ezohiko kontzertua eskainiko du Baluarten Luis Miguel Méndez Chaves maisuaren batutapean. Emanaldian NOSrekin batera, Iruñeko Orfeoia arituko da. Kontzertua ez dago salgai.

 
PROGRAMA
 
Koldo Pastor (1947)
Beethoven Irudiak, Kapritxo Sinfonikoa *
    * Erabateko estreinaldia. Obra Baluarte Fundazioaren enkargua da
 
Ludwig van Beethoven (1770-1827)
9. Sinfonia Re minorrean op. 125 “Coral


IRAUPENA: 85 MINUTU

IRUZKINAK NAFARROEN EGUNEKO EGITARAUREN GAINEAN

Beethoven Irudiak lana Beethovenen lau sinfoniaren exegesi bat dela jo genezake: 3., 5., 7. eta 9.aren exegesia, hain zuzen, lan honen egileak sinfonia horiek miresten baititu gehien. Erronka zaila izaten da beti konposizio gai gisa erabiltzea beste konpositore baten obra bat osatzen duten elementuak eta gaia, eta are erronka handiagoa, erreferentzia hori musikari bikain bat denean, Beethovenen kasuan bezala. Hori dela eta, haren obra aztertu eta barneratu beharra dago, eta era berean, saiatu beharra dago ateratzen hala haren esanahiaren funtsa nola elementu bereizgarriak, dela estetikan, dela erritmoetan, dela harmonietan.

Bada, partitura honen egitura eta soinu-materialaren tratamendua, bi-biak, halako ikuspegi partikular eta pertsonal bat ematen saiatzen dira aipatu sinfonietatik ateratako elementuei buruz, betiere egilearen irudimenetik eta sormenetik sortutako elementu berriak ere ekarrita, eta era berean, egungo musikatik hurbilago dagoen tinbrea daukan orkestrazio zabalago bat agertuta.

Lana sarrera baten bidez hasten da; hiru dei modukoak dira eta 3. Sinfoniaren lehen gaian sartzen gaituzte. Melodiak eta erritmoak aipaturiko hurrenkeran doaz elkarren segidan (3., 5., 7. eta 9.); dena den, zenbaitetan, sinfonia horietako batzuen ideia melodikoak esaldi luze batean baturik agertzen dira; esaterako, Heroikoaren hileta-martxa baturik ageri da 7. Sinfoniaren 2. mugimenduko melodiarekin. Era berean, Scherzo beethovendarraren erabilera ugaria nabarmendu behar da, bai aipu gisa, bai erritmo-elementu bereizgarri gisa.

Azken xedea energia eta erritmo-indar handiko lan bat egitea da, horixe baita egilearen iritziz Beethovenen musikaren ezaugarri nabarmenetako bat; haren sinfoniei dagokienez, bereziki.

___________________________________________________________

 

Bederatzigarren sinfonia zalantzarik gabe da ezagunena eta interpretatuena, sinfonia guztien artean. Baina, horrez gain, erran daiteke haren originaltasuna eta esanahia mugarri direla musika sinfonikoan, ahaztu gabe haren esanahia bere mezu esplizituaz haratago doala. Izan ere, erran daiteke lehenbiziko sinfonia-lan erromantikoa dela egiazki eta hainbat gauza berri erabili zituela, hala nola koroa eta ahots-laukotea historian lehen aldiz.

Teorikoek diote musika dela arterik abstraktuena, eta bereziki, musika instrumentala. Bada, horrekin bat, Beethovenek xede hau zerabilen gogoan: bere mezua agerian gelditu zedila Schiller olerkariaren “Alaitasunaren Oda” testuan.

 

Londresko Sozietate Filarmonikoaren enkargua jaso zuenean, ondorio bat atera zuen, hots, arte forma berri bat sortu behar zuela. Bada, konposizio-prozesu nekosoaren ondotik, lan errotik original bat ondu zuen. Obra askatasunez urrundu zen sinfoniaren tradiziotik, eta Eva Milletek errana duen bezala, lan horretan “elegia nahastu egin zuen bai kantatarekin, bai opera italiarrarekin eta germaniarrarekin, bai fanfarria militarrarekin, bai requiemarekin ”.

 

Lanaren estreinaldiak sekulako oihartzuna izan zuen gizartean eta ez oso arrakasta handia. Izan ere, kritikari askok musikari gor baten itxuragabekeria munstrotsua iritzi zioten, zaila baitzen sinfoniatzat onartzea azken mugimenduaren zati batera koral bat ekarritako obra, beste originaltasun batzuen artean. Denboraren joanak, ordea, maisulan bikainaren ospea eman dio, denboraz gainetik dagoena; ez soilik azken mugimenduko Alaitasunaren Odagatik, baizik eta lanaren ikuskera orokorragatik, mugimenduen originaltasunagatik, orkestrazio aberats eta konplexuagatik, eta jendearen subkontzientean barneratu den ideiagatik, hots, sekulako testamentua dela gizateria osoarentzat; eta litekeena da, gainera, giza adimenak huraxe bere osoan ez ulertzea.

Bederatzigarren sinfonia semiotika musikalaren xede izan zitekeen. Dena den, ideologia eta pertsonaia antagonikoak mezuaz jabetu dira eta mezuaren gaineko interpretazioak beren nahierara erabili dituzte. Horien artean daude, adibidez, faxismoaren aurkako zuzendariak –Toscanini, kasu–, edota kontrara, Mussoliniren Italiako musikari ofiziala, hots, Mascagni. Dena den, gaur egun, sinfonia hori izaera unibertsalaz jantzia dago eta gizateria guztiaren ereserkitzat jotzen da; horrenbestez, zalantza oro daude uxaturik haren egiazko esanahiaz.

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.