Bergarako Musika Eskola Baluarten bueltan izango dugu Eguberri hauetan euskarazko ekoizpen musikal berri batekin: Peter Pan. 2011 urtean Olentzero & Co euskarazko musikala gurean arrakasta handiz aurkeztu ostean, oraingoan hazi nahi ez zuen mutikoaren istorioa ekarriko du, euskaraz sekula egindako bakarra. Areto Nagusian eskainiko den musikal honetan 80 haur, sei heldu eta 25 musikari arituko dira (gehiengoa Bergarako bizilagunak) publikoari Sekula Betiko Lurraldera bidaia zoragarria proposatuz. Wendy, Michael eta John anai-arrebak, Txilintxo maitagarria, Kako-Oker kapitaina, eskua kendu zion krokodiloa, piratak, indioak… guzti hauek Peter Pan haur-heroiaren fikziozko irlan bizi diren pertsonaiak dira, bertan Peter Pan-ek bere lagun Ume Galduekin ikaragarrizko abenturak biziko dituela.
Jatorrizko Peter Pan antzerki-lana Sir James Matthew Barrie, J.M. Barrie (1860-1937) izenez ezagunagoa, arrakasta handiko nobelagile eta antzerkigile eskoziarrak sinatu zuen. Peter Pan lehen aldiz 1904ko abenduaren 27an antzeztu zen; harrezkero ezin konta ahala aldiz taularatu da. Barriek 1911n nobela forma eman zion, Peter Pan eta Wendy izenburuarekin. J.M. Barrie-ren heriotzaren 75. urteurrenarekin bat eginez, musikal honen eszena zuzendaria den Valen Moñux-ek musikal hau euskaraz taularatzea erabaki zuen ihaz. Emaitza ezin hobea izan da: Bergaran 2.400 bizilagunen aurrean arrakasta handiz estreinatu ostean, Elgetan, Bilbon, Elorrion eta Donostian 8.000 ikusle inguruk gozatu ahal izan dute.
Oinarrizko lana: James M. Barrie (1860-1937)
Libretoa, musika eta abestiak: Piers Chater Robinson
Euskara moldaketa: Valen Moñux
Euskara zuzenketa: Jone Larrañaga
Zuzendari musikala: Xabi Torres
Eszena zuzendaria: Valen Moñux
Orkestra: Bergarako Musika Eskolako Irakasle eta Ikasleen Talde Instrumentala
Abesbatza: Bergarako Musika Eskolako Haurren Abesbatza
Abesbatzaren zuzendariak: Nagore Sanz eta Maria Jesus Ugalde
Koreografia: Irene Hernando
Kantu maistra: María Jesus Ugalde
Osagarrizko musika: Oihan Vega
* Iraupena: 2 ordu eta erdi (atsedenaldia barne)