Oberena dantza taldeak, 75 urte bete dituen honetan, Iturri zaharretik, indar berriz ikuskizuna taularatuko du. Kantuak, musika eta dantza uztartzen dituen emanaldi berezi hau bi ekitalditan dago banaturik. Lehenbizikoan zaharra dena aurkeztuko da eta bigarrenean, berritasuna, indarra eta gaztetasuna. Soka dantza horretan garai bateko dantzariak agertuko dira buruan, eta gazteen errepertorio berriari eskutik harturik. Beti ere indar berriz; urte aunitz dituen iturri zahar horretatik ur berria edanez.
Oberena dantza taldeak iturri horri omenaldia eginen dio, baita bertatik edan duten guziei ere. Ez edozein gisatan, aitzitik. Aitzinean dugu iparra, iturritik edaten jarraituko duten horien espartinetan. Atzera so eginen dugu, baina urratsak gibeleratu gabe, gaur-gaurko ikuspegiarekin egin baitugu gure iraganaren aurreikuspena. Ikuspegi hori txertatu dugu ikuskizunaren egituran, taularatzean eta generoaren lanketan.