Andoni Arcilla kantari, piano-jotzaile eta jazz-espezialistak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Ensemble Moderno taldeko zuzendaritzan izandako bost urteko esperientziaren ondoren, eta inprobisazio eta kantu modernoari buruz zenbait ikastarotan eta aho-jazza egiten zuten talde batzuetan aritu eta gero, Jazzy Leap taldea sortu zuen Nafarroako Ganbera Abesbatzaren egitura eta laguntzarekin; talde egonkorra da, eta bere helburu nagusia jazz musikaren etapa eta estilo guztiak biltzen zituen errepertorio bat lantzea zen, hau da, jazzaren jatorritik hasi (espirituala, bluesa eta ragtimea) eta swing, be-bop, cool, modal jazz, bossa-nova, fusion, latin jazz eta gainerako estiloetaraino, baita beste estilo batzuekin izandako nahaste edo harremanak ere, hala nola pop, rock edo rhythm&blues estiloekin izandakoak.
Bi urte eskas igaro dira taldea ibiltzen hasi zenetik, baina dagoeneko Jazzy Leap taldea sendotu egin da gure herrialdeko talde interesgarrienen artean aho-jazzaren arloan; gospel edo swing generoei eskainitako monografikoak egin dituzte, baita besteak beste Duke Ellington edo The Beatles taldeei eskainitako programak ere, alde batera utzi gabe Broadway eta Hollywoodeko musikaren historiako bikote ospetsuenak ardatz dituen ikuskizun arrakastatsua. Taldea bikain moldatzen da agertokian, hainbat talde eratzen baititu emanaldian zehar: a capella, bakarlariekin eta/edo akonpainamendu instrumentalarekin edo piano-hirukote (kontrabaxua/baxua eta bateria) edo laukote gisa. Besteak beste, Baluarte Auditorioan, Barañain Auditorioan eta Gaztambide Antzokian aritu dira.
Cultur jaialdian ospe handiko Duke Ellington konpositore eta zuzendariari eskainitako programa aurkeztuko dute, eta ondoan Jazzy Leap quintet taldea –saxoa, gitarra, kontrabaxua, bateria– izanen dute, baita Andoni Arcilla bera –pianoa jotzen– ere.