Kalitate handiko errepertorioa garatu du ia 20 urtetan zehar Lyongo Opera Nazionaleko Baletak eta, horri esker, mundu osoaren esker ona eskuratu du. Arte koreografiko garaikideko maisu nagusien piezak biltzen ditu bere errepertorioan balet frantziarrak. Gainera, klasiko handiek egindako obren irakurketa berriak eta Yorgos Loukos zuzendariak koreografo gazteei eskatzen dizkien sorkuntzak gehitzen dituzte urtero.
Baletak Baluartera dakarren programa bi zatitan banatzen da: Carmen eta Petite mort. Carmen, Mats Ek suediarrak 17 dantzarientzako sortu duen pieza da. Cullberg Baletarekin telebistarako egin zuen moldaketak Emmy saria jaso zuen. Petite mort berriz, Jiri Kylian koreografo ospetsuak Mozarten musikan oinarrituz 12 dantzarientzako 20 minutuko pieza dugu.
Lyongo Balet Nazionala Yorgos Loukos greziarrak zuzentzen du 1991etik. 1992an, Canneseko Dantza Jaialdiaren zuzendaritza hartu zuen Loukosek eta, 2001ean berriz, frantziako Kanpo Arazo eta Kultura Ministerioak New Yorken antolatu zuen France Moves Jaialdia zuzendu zuen. Yorgos Loukos frantziako Arte eta Letren Ordeneko Ofiziala da.