Zikloko bigarren kontzertua autore abesti euskaldunei eskainita egongo da. Generoan eskarmentu handiko Mikel Markez izango da protagonista. Silvio Rodríguez, Mikel Laboa, Benito Lertxundi edo Paco Ibáñez-ekin batera eszenatokietan aritutako Mikel Markezek hogei urte baino gehiago daramatza kantagintza munduan. Bere kantuen egile eta abeslaria, freskotasuna, hurbiltasuna eta goxotasuna dira belaunaldi berriko kantautore honen ezaugarrietako batzuk. Euskarazko errezitaldi honetan ere Maite Mené arituko da. Zaragoza jaioa da, baina bere ekoizpena euskaraz egiten du gehien bat Maite Menek. Sentimenduak eta mezu zuzenak dira bere abestien ikurra.