Olentzero & Co! formatu handian egindako historiako euskarazko lehen musikal originala da. Eguberrietako pertsonaia ezagunaren inguruan sortutako obra handi hau ez da ohiko musikal bat izango, gabon-kanta tradizionalak pop, rock, techno, dance eta tango erritmoekin uztartzen baitira. Ikuskizunak Peruren istorioa kontatzen du. Peru triste bizi da bere gurasoak istripu batean hil zirenetik, horregatik, aurten Olentzerori egingo dion eskakizuna oso opari berezia izango da: zoriontasuna. Baina bere izeba eta amaorde maltzurrak Peruk idatzitako eskutitza puskatuko du, eta ondorioz, bere kabuz, Olentzeroren bila abiatzea erabakitzen du. Bidean, bere helburua lortzen laguntzen saiatuko diren euskal mitologiako hainbat pertsonaia aurkituko ditu: iratxoak, lamiak, Anbotoko Mari eta Mari Domingi, besteak beste. 150 pertsona egongo dira agertokian, nahiz eta ikuskizunean 200 lagun baino gehiago aritu, aktore, abeslari, abesbatzako partaide, dantzari, akrobata, tramoiari, tekniko eta bestelako profesionalen artean. Oihan Vegaren zuzendaritzapean, eta Oier Arevalillo rol nagusian, Olentzero & Co! Baluartera iritsiko da Donostian, Arrasaten eta Eibarren arrakasta itzela lortu ondoren.
Ideia eta libretoa: Oihan Vega
Musika: Oihan Vega eta Txemi Etxebarria
Zuzendari artistikoa eta Eszenografia: Valen Moñux
Koreografia: Josu Mujika Latxa
Bergarako Orfeoia, Bergarako Musika Eskola, Aritzeta Abesbatza, Biraka dantza taldea eta Hontza Produkzioak
* Iraupena: 2 ordu (atsedenaldiarekin)